2021eko Txostena > GGKEak Euskadin

84 erakunde eta xede bakarra: mundu bidezkoago bat pertsona guztientzat, leku guztientzat

GGKEak forma juridikoaren eta tamainaren arabera

 

Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundez (GGKE) osatutako kolektibo bat gara, eta munduko justiziaren alde lan egiten dugu honako hauen bidez, besteak beste: garapenerako lankidetza, eraldaketa sozialerako hezkuntza, ekintza humanitarioa, lankidetza feminista baterantz doan genero-berdintasuna, bakearen sustapena, giza eskubideen defentsa eta giza garapen jasangarria. (Jarraibide Kodean kontsulta ditzakezu GGKE baten ezaugarriak).

Euskadin, ez dago figura juridiko esklusiborik GGKE-entzat; hortaz, gure erakunde sozialek zenbait forma juridiko izaten dituzte ‒elkartea eta fundazioa dira ohikoenetako bi‒.

Gaur egun, bazkide diren GGKE-en % 65 elkartea da; % 31,5, fundazioa, eta % 3,5ek beste formula juridiko bat du.

Farmamundi | Kenia

GGKE-etako langileak, lantokiaren eta sexuaren arabera

 

Oro har, GGKE-etako langile gehienek erakundeek Euskadin dituzten egoitzetan egiten dute lan, edo kooperante gisa lan egiten duten erakundeen esku hartzea gauzatzen den herrialde pobretuetan. 339 pertsonak lan egiten dute sektore horretan.

Langileak sexuaren arabera aztertuta, esan dezakegu GGKE-en sektorea feminizatuta dagoela argi eta garbi. Sektorean lan egiten duten pertsona guztien artetik, % 72 emakumezkoa da (244), eta % 28 (95), gizonezkoa. Ehuneko horiek antzekoak dira Euskadin lan egiten duten pertsonak bakarrik aztertuta. Alabaina, kooperanteei erreparatuz gero, ikusten da emakumeen ehunekoa nabarmen jaisten dela % 64ra arte, eta, aldiz, gizonena % 36ra arte igotzen dela.

GGKE-etako langileak, adinaren arabera

GGKE-etan lan egiten duten pertsonen artean, 25 urtetik gorako emakumearena da profil ohikoena.

Datuak langileen lantokiaren arabera xehatuta, desberdintasunak ikusten dira. GGKE-ek Euskadin dituzten egoitzetan lan egiten dutenen artean, aipatutako profil hori da nagusi, baina, herrialde pobretuetan diharduten kooperanteen artean, profil ohikoena ez da hori bera. Lehenengo kasuan, 25 eta 44 urte bitarteko emakumea da nagusi, baina, bigarrenean, aldiz, 45 eta 64 urte bitarteko gizona.

GGKE-etako langileak kontratu-eta lanaldi-motaren arabera

GGKE-en sektoreko kontratu-motei dagokienez, datuek erakutsi dute euskal GGKE-etako kontratuen % 79 mugagabea dela, eta % 21, aldi baterakoa. Kontratu-motak sexuaren arabera aztertuta, ikusten da datu hori aldatu egiten dela pixka bat: gizonen artean, kontratu mugagabeak % 85era igotzen dira; hortaz, beste % 15ek du aldi baterako kontratua. Emakumeen kasuan, % 77k kontratu mugagabea du, eta % 23k, aldi baterako kontratua.

GGKE-etako lanaldiei dagokienez, lanaldi osoa da nagusi sektore honetan. Kontratuen % 69 lanaldi osokoa da; % 19, lanaldi partzialekoa, eta % 13, lanaldi murriztukoa. Lanaldiak sexuaren arabera aztertuta, desberdintasunak ikusten dira berriz ere. Gizonen % 82k lanaldi osoa du; % 14k, lanaldi partziala, eta % 4k lanaldi murriztua. Alabaina, azpimarragarria da emakumeen % 64k bakarrik duela lanaldi osoa; % 20k partziala du, eta % 16k, murriztua.

Hori horrela, egiaztatuta gelditu da lanaldi murriztua feminizatuta dagoela, emakumeen % 16k baitu oro har zainketa familiarrekin lotuta egoten den kontratu-mota hori, eta, aldiz, gizonen artean, % 4k bakarrik.

"Kontratu mugagabeak eta lanaldi osokoak dira kontratu modalitate ohikoenak"
Euskal GGKE-en sektorea feminizatuta dago, baina maskulinizatuz doa erakundeen gobernu-espazioetan sartu ahala. Argazkia: Mugarik Gabe .

GGKE-en gobernu -organoen osaera

Sektore feminizatua bada ere, tradizionalki, gizonak egon dira erakundeen erabaki-postuetan; bizi garen gizarte patriarkalaren erakusgarri da hori. Alabaina, azken urteetan, ahalegin handiak egin dira egoera hori aldarazteko.

Datuen arabera, erakundeen gobernu-batzordeetan, emakumezkoa da % 53, eta gizonezkoa % 47. Hori horrela, egiaztatuta gelditzen da emakumeen ordezkaritza dagokiena baino baxuagoa dela, emakumeen nagusitasuna ez baita hain altua, sektorea oso feminizatuta dagoela kontuan hartuta, lehen esan dugun eran (emakumezkoa da langileen % 72, eta gizonezkoa % 28).

GGKE-etako zuzendaritza- edo koordinazio-postuei dagokienez, ikusten da gizonen eta emakumeen ehunekoak alderantzikatu egiten direla ia: % 60 gizona da, eta % 40 emakumea da. Gogorarazi nahi dugu kontratatutako langileen artean emakumezkoa dela % 72, eta gizonezkoa % 28.

Erakunde-politikak GGKE-etan

Inkestari erantzun dioten erakundeen % 82,4k genero-politika bat du.


% 70ek sexu-jazarpenari buruzko protokolo bat du indarrean.


% 28k ingurumen-kudeaketarako politika bat landu du.