Laburpen exekutiboa
Aurkezpena: Lankidetza-eredu propioa, arlo publikoan, parte-hartzean, gizarte-sare aktiboan eta azterketa kolektiboan oinarrituta
Euskadin askotan esaten dugu gizarte zibil antolatuaren erantzuna garela GGKEak, mundua suntsitzen ari diren bidegabekeria eta desberdintasun nabarien aurka borrokatzeko, eta gure gizartean pertsona askok duten elkartasun eta erantzunkidetasun horren ondorioz jaio ginela, eta gurekin batera, nazioarteko lankidetzarako politika publikoak.
Publikoa denaren ardatz horren gainean oinarritu dugu gure ekintza, eta gizarte-sare aktiboa ekarri du eta dakar horrek, gizarte aberatsa sortuz parte hartzean, gaitasun kritikoan, eta, batez ere, elkartasun-konpromisoan. Eredu propioa dugu, arazoak elkarrekin lotuta dauden mundu honen azterketa kritikoan oinarritua; izan ere, mundu honetan badira neurri ekonomiko eta politiko batzuk desberdintasunetan sakontzen dutenak, eta gero eta handiagoa da pertsona eta lurralde pobretuen arteko arrakala.
Gure ustez, bizitzarekin eta pertsonekin merkantilizatzea, emakumeekin eta neskatoekin objektibizatuz eta trafikatuz, pertsonak esplotatuz eta herritar jakin batzuen oinarrizko eskubideak urratuz, errotik kendu nahi dugunaren ondorio bat baino ez da. Zailtasun eta zaurgarritasun horien aurpegirik bortitzena baino ez du erakutsi pandemiaren testuinguru honek.
Planetak bizi duen krisi globalaren premiaren aurrean, aberastasuna birbanatzeko eta jasangarritasun ekologikoa eta soziala bultzatzeko konpromisoa behar dugu, lehentasunezko helburu gisa. Azken batean, atera egin behar dugu hazkunde ekonomiko mugagabearen iruditeria nagusitik, eta gure kezken eta analisien erdigunean jarri behar ditugu pertsonen zaintza eta bizitza.
Konpromiso hori datuekin adierazi nahi dugu euskal GGKE-en sektorearen txosten honen bidez. Euskadiko GGKE-en Koordinakundean biltzen diren garapenerako euskal erakunde asko hartzen ditu barne txostenak, guztiak ere ibilbide sendoa dutenak genero-ekitatearen, justizia sozialaren eta giza garapen jasangarriaren kausak defendatzen, horiek guztiak funtsezkoak baitira bizitzea merezi duen bizitza bat izateko. Lan egiten dugun tokiak, gure oinarri soziala, lehenesten ditugun sektoreak eta beste zehazten dira txosten honetan.
Lan hau, gainera, gardentsun-tresna da gure lana zintzotasunetik eta eraginkortasunetik egiten jarraitzeko. Gure sarea osatzen duten euskal GGKE guztien erantzukizun-ariketa dela uste dugu, aukera ematen baitigu herritarrekin, erakundeekin eta lankidetzan dihardugun gainerako kolektiboekin partekatzeko gure jarduerek duten irismena eta eragina, Euskadik guztiontzako eta leku guztietan mundu bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko egiten duen ekarpena azpimarratuz.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu elkarteko bazkide diren GGKE-ei txosten hau egiten parte hartzeagatik, haiek ez bazuten ahalegin hori egin ezin izango baitzen bertan aurkezten den informazioa bildu. Guztiei, eskerrik asko.
Sartu, kontsultatu eta nabigatu gure txostenean; zeure etxean zaude.
Josu Urrutia Beristain
Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko lehendakaria
2022ko urria
Laburpen exekutiboa
Lankidetzarako euskal politika duela 30 urte baino gehiago hasi zenetik, Euskadi erreferente izan da arlo horretan nazioarteko esparruan. Hala izan da nazioarteko lankidetzara bideratutako aurrekontu-kopuruekiko konpromisoagatik ez ezik, ikuspegi eta planteamendu berritzaileengatik ere.
Horregatik, sektorean lorpen asko egin dira denbora horretan, esate baterako, politika horren oinarri den lege- eta arau-esparrua (nahiz eta haren zati bat sistematikoki ez den bete). Era berean, GGKE-ek euskal lankidetzaren funtsezko eragile gisa duten zeregina ere azpimarratu nahi dugu; izan ere, lan-sare baliotsua eskaintzen dugu, konfiantza, konplizitatea eta elkarrekiko ikaskuntza, gure hirietako eta herrietako auzoetatik (hemen Euskadin) eskuz esku lan egiten dugun herrialde pobretuetako komunitate eta eremu urrunenetara iristen dena.
Hala ere, euskal garapenerako lankidetzak erronka global garrantzitsuei ere egin behar die aurre, hain zuzen ere interkonektatutako mundu honetako biztanleei eragiten baitiete erronka horiek. Horien artean, nabarmentzekoak dira larrialdi klimatikoa, genero-ekitatea, planetaren jasangarritasuna, migrazioak (eta migrazio horiek eragiten dituzten arrazoiak), giza eskubideen unibertsaltasuna, eskuin muturraren eta gorrotoa sortzen duten diskurtso arrazista, baztertzaile eta xenofoboen gorakada, garapenerako politiken koherentzia, edo kalitatezko euskal lankidetza-politika adostuak indartzen jarraitzea, zailtasunak zailtasun, egonkor iraun dezaten eta pertsonak erdigunean jar ditzaten, gainerako gizarte-politikekin batera.
Horretan guztian, GGKE-ek gure rol protagonikoa izaten jarraitu behar dugu, gure esperientziak eta ezagutzak bermatzen baitute gure lana. Sentitu egiten dugu, gainera, herritarrek, beren konpromiso eta ahalegin solidarioarekin, sektoreari eskaintzen dioten laguntza eta hats hurbila eta gero eta handiagoa. Horri eta erakunde publikoei esker, erakundeen erantzukizunarekin batera, eusten diogu 2 milioi eta erdi lagun baino gehiagorekin planetako hainbat lekutan egiten dugun lanari.
Gure erakundeei, haien lanari eta protagonistei buruzko argazki orokorra eskaini dugu laburpen exekutibo honetan. Gainera, istorioak sartzen ditugu lehen pertsonan, eta horiek laguntzen dute txosten hau herritarrengana hurbiltzen eta garapenerako lankidetzaren balio erantsia eta gizartearen eraldaketan duen ekarpena hobeto ulertzen. Webgune honetan dago txosten osoa eta inkestari erantzun dioten erakundeen 2020. urteari buruzko informazioa bildu da bertan. Gaur egun, 84 erakundek osatzen dute Euskadiko GGKE-en Koordinakundea. 2021ean bildu ziren txosten honetarako datuak, eta ordu hartan 81 erakundek osatzen zuten sarea. 57 erakunde kidek erantzun zioten inkesta honi.
GGKEak Euskadin
84 erakunde eta xede bakarra: mundu bidezkoago bat pertsona guztientzat, leku guztietan
Euskal GGKE-etako kontratuen % 79 mugagabea da, eta % 21, aldi baterakoa. Aipatzekoa da kontratu mugagabea duten emakumeen kopurua % 8 gutxitu dela.
Lanaldi osoa da nagusi sektorean. Kontratuen % 69 lanaldi osokoa da; % 19, lanaldi partzialekoa, eta % 13, lanaldi murriztukoa. Lanaldiak sexuaren arabera aztertuta, desberdintasunak ikusten dira berriz ere. Gizonen % 82k lanaldi osoa du, eta % 64k emakumeen artean.
Hori horrela, egiaztatuta gelditu da lanaldi murriztua feminizatuta dagoela, emakumeen % 16k baitu oro har zainketa familiarrekin lotuta egoten den kontratu-mota hori, eta, aldiz, gizonen artean, % 4k bakarrik.
Sektore feminizatua bada ere, tradizionalki, gizonak egon dira erakundeen erabaki-postuetan; bizi garen gizarte patriarkalaren erakusgarri da hori. Datuen arabera, erakundeen gobernu-batzordeetan, emakumezkoa da % 53, eta gizonezkoa % 47. Hori horrela, egiaztatuta gelditzen da emakumeen ordezkaritza dagokiena baino baxuagoa dela, emakumeen nagusitasuna ez baita hain altua, sektorea oso feminizatuta dagoela kontuan hartuta, lehen esan dugun eran (emakumezkoa da langileen % 72, eta gizonezkoa % 28).
GGKE-etako zuzendaritza- edo koordinazio-postuei dagokienez, ikusten da gizonen eta emakumeen ehunekoak alderantzikatu egiten direla ia: % 60 gizona da, eta % 40 emakumea da. Gogorarazi nahi dugu kontratatutako langileen artean emakumezkoa dela % 72, eta gizonezkoa % 28.
GGKE-en erakunde-politikei dagokienez, erakundeen % 82,4k genero-politika bat du. % 70ek sexu-jazarpenari buruzko protokolo bat du indarrean. % 28k ingurumen-kudeaketarako politika bat landu du.
Gure lana
2 milioi eta erditik gora pertsonarekin lan egiten dugu, 58 herrialdetan eta 742 lankidetza-proiekturen bidez
Gure erakundeek egiten duten lana mundu osoan zehar zabalduta dago, eta 2.522.771 pertsonari iristen zaie.
58 herrialdetan egiten dute lan, hiri handietan zein herrixketan, eta hainbat esparrutan. Erakunde askok bizi-baldintzak hobetzen laguntzen dute beste lankidetza-eragilerik ez dagoen urrutiko eremu isolatuetan.
Horien guztien lana batuta, 742 proiektu dira, eta 44.990.299 € inbertitzen dira horietan.
Herrialde hauek izan dira inbertsioen ahalegin ekonomikoen xede: Guatemala, Kolonbia, Kongoko E. D., India, Palestina, Senegal, Mendebaldeko Sahara, Mexiko eta Kuba, beste hainbaten artean.
Proiektuei erreparatuz gero, guztizko 742 proiektuetatik, honela banatuta daude gehienak: Guatemalan daude proiektu gehien (69), eta, jarraian, Perun (67), Ekuadorren (61) eta Indian (57). Azpimarratzekoak dira, orobat, Bolivia (41), Kolonbia (40) eta Kongoko E. D. (34).
Kontinenteen ikuspegitik, Amerikan lan egiten dugu pertsona gehienekin (1.184.805 pertsona); eta hurrena, Afrikan (533.996), Ekialde Ertainean (486.168) eta Asian (347.052).
Ekialde Ertaina da GGKEok emakumeen ehuneko handienarekin (% 70,5) lan egiten dugun eremu geografikoa.
Gure erakundeen proiektuek 19 jarduera-sektore dituzte ardatz. Zehazki, 39 herrialdetan, hezkuntzarekin lotutako lana egiten dute; herrialdeen artetik, nabarmentzekoak dira Bolivia, Ekuador, Kolonbia eta Kongoko E. D. 33 herrialdetan, emakumeen ahalduntzearekin lotutako lana egiten dute; herrialdeen artetik, nabarmentzekoak dira Peru, Nikaragua, El Salvador, Guatemala, Kuba, India eta Senegal. Horien atzetik, giza eskubideen defentsarekin lotutako lana egiten dute 31 herrialdetan, nekazaritzarekin lotutakoa 24 herrialdetan, eta osasunaren alorreko 27 herrialdetan.
Lankidetza-proiektuen hartzaile den populazioari dagokionez, erakunde gehienek emakumeei zuzentzen diete lana 33 herrialdetan. Landa-eremuetako populazioak ere arreta handia jasotzen du 22 herrialdetan, eta populazio osoa ere hartzaile da 35 herrialdetako hainbat proiektutan.
Oro har, ikusten da gure erakundeen lanak inpaktu nabaria duela emakumeen eta nesken bizitzetan. Gure lanaren xede direnen artean, emakumezko populazioa handiagoa da lan-arlo guztietan (hezkuntza, osasun, nekazaritza, etab.) eta munduko eskualde guztietan. Hain zuzen ere, 1.592.872 emakumerekin lan egiten dugu; gizonak, aldiz, 962.998 dira.
Nork laguntzen digu
GGKE-en oinarri soziala
Gure kontuak
Pandemia gertatu bada ere, euskal erakundeen finantziazioak joera kontinuista du garapenerako lankidetzarekin
2020an, azterlan honetan parte hartu duten GGKE-en finantziazioaren zatirik handiena (% 77,8) funts publikoetatik dator; 49.550.929 € zehazki. Kopuru horretatik, % 82 erkidegoetako eta tokiko funtsetatik dator, eta gainerakoa, esparru nazionaleko edo europarreko funtsetatik.
GGKE-ek jasotzen duten gainerako finantziazioa, % 22,2, pribatua da (14.141.095 €). Gehienak (finantziazio pribatu osoaren % 40,6) noizean behingo dohaintzak dira; horien artean sartzen dira pertsona fisikoen noizean behingo dohaintzak eta baliabideak lortzeko gainerako kanpainak. Horien atzetik datoz aldizkako kuotak; GGKE-en funts pribatuen % 33,5 dira, zehazki. Hirugarren postuan daude bestelako diru-sarrera pribatuak; finantziazio pribatuaren % 25,9 dira.
Eraldaketarako hezkuntzako eta larrialdietako lankidetza-proiektuak GGKE-en jardueraren ardatz
2020an, erakundeek, orotara, 48.896.063 €-ko inbertsioa egin zuten garapenerako lankidetzarekin, ekintza humanitarioarekin eta herritartasun globalerako hezkuntzarekin lotutako jardueretan, besteak beste.
Gure erakunde gehienek garapenerako lankidetzaren alorrean dihardute, baina batzuek gizarte-ekintzako jarduerak egiten dituzte; Euskadin zaurgarritasun-egoeran dauden populazioak dituzte xede ekintza horiek.
Garapenerako lankidetzaren aurrekontuari bakarrik begiratzen badiogu, azpimarragarria da gastuen % 76,58 garapenerako proiektuak eta programak gauzatzeko erabili zela. % 13,45 eraldaketa sozialerako hezkuntzarako, eragin politikorako eta boluntariotzarako erabili zen. Gainerako baliabideak, hau da, % 9,9, ekintza humanitarioko eta larrialdietako proiektuetan inbertitu ziren.