Laburpen exekutiboa
Aurkezpena
Garai nahasietan, bake, giza eskubide, berdintasun eta justizia sozial gehiago dira bidea
Ziurgabetasun uneak bizi ditugu; izan ere, bata bestearen atzetik katean etorri diren krisialdiko hamarkadek eragin handia izan dute bizi garen mundu global honetako milioika pertsonarengan, eta ondorio larriak eragin dituzte giza eskubideetan, bakean edo pertsonen ongizatean. Ondorio horiek ez dira ustekabekoak; aitzitik, ondo errotuta daude pobrezia, desberdintasuna, indarkeria eta bidegabekeriak eragiten dituen, ingurumena suntsitzen duen eta pertsona asko bazterrean uzten dituen garapen-eredu batean. Sistema kapitalista eta heteropatriarkalean, hain zuzen, genero desberdintasunaren ondorioz, emakumeek gizonek baino baldintza eta posizio okerragoak izatea eragiten duen sisteman.
Errealitate horren aurrean, Euskadik ongi antolatutako gizarte zibila du, kritikoa eta parte-hartzailea, mundua suntsitzen duten bidegabekerien eta desberdintasunen aurka borrokatzen saiatzen dena. Euskadiko GGKE-en Koordinakundea osatzen duten 83 erakundeen lana ahalegin horren erakusgarri argia da, eta gainerako pertsonen mina, beharrak, gabeziak edo arazoak norberarenak direla sentitzen duten pertsona askoren elkartasunaren eta erantzunkidetasunaren fruitua. Beste herrialde batzuetako erakundeekin elkarlanean, GGKEok munduaren azterketa kritikoa egiten dugu, eta norabidea aldatzeko alternatibak eta proposamenak jartzen ditugu mahai gainean.
Ildo beretik, euskal erakundeek azken hamarkadetan nazioarteko elkartasunarekin hartutako konpromisoak agerian uzten du mundu bidezkoago eta solidarioago baten eraikuntzan aurrera pausu bat emateko borondate kolektiboa dagoela, besoak gurutzatuta ez geratzekoa eta etsipenean ez erortzekoa. Erronka horri elkarrekin egin behar diogu aurre, arlo publikoan, parte-hartzean, gizarte-sare aktiboan eta analisi kritikoan oinarritutako lankidetza-eredu propio batetik.
2024az geroztik, Euskadin, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berri bat daukagu. Gure ustez, lege-esparru berri horrek aukera emango digu eboluzionatzen jarraitzeko, nazioarteko testuinguru berrietara egokitzeko, eta, hala, GGKE garen aldetik, lanean jarraitzeko, bai gizarte antolatu bat egituratzeko, bai paradigma berriak sortzeko, bestelako mundu bat eta hura erregulatzeko arau berri batzuk posible izan daitezen.
Planetak bizi duen egoeraren larritasunaren aurrean, guztion konpromiso kolektibo bat behar dugu, aberastasunaren banaketaren eta jasangarritasun ekologiko eta sozialaren alde egitekoa. Hori dela eta, lehenbailehen atzean utzi behar dugu hazkunde ekonomiko mugagabearen panazea, eta, horren ordez, gure kezken eta azterlanen erdigunean jarri behar dugu pertsonen eta planetaren zaintza.
Konpromiso hori da, hain zuzen ere, Euskadiko GGKE-en sektorearen 2023ko Txosten honetako datuen bidez adierazi nahi duguna. Lan honek Euskadiko GGKE-en sektorearen argazki adierazgarri bat erakusten du. Euskadiko GGKE-ek ibilbide luzea egin dute genero-ekitatearen, justizia sozialaren eta giza garapen jasangarriaren kausak defendatzen, horiexek baitira, hain zuzen, bizitzea merezi duen bizitza bat bizitzeko giltzarriak. Gure sarean biltzen diren erakundeen artean elkarlanean egindako txosten honetan zehazten da non lan egiten dugun, zer oinarri sozial dugun, zer sektore lehenesten ditugun eta zer baliabide ditugun.
Baina ez hori bakarrik, gardentasunerako tresna bat ere bada, gure lana zintzotasunez eta eraginkortasunez egiten jarraitzeko. Erakunde guztion erantzukizun-ariketa bat da, aukera ematen digulako gure jardueren irismena eta eragina herritarrekin, erakundeekin eta laguntzen diegun kolektiboekin partekatzeko, eta azpimarratu egiten duelako nola laguntzen dugun, Euskaditik, mundu bidezkoago eta jasangarriago bat eraikitzen, pertsona ororentzat, leku orotan.
Eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu GGKE bazkideei Txosten honetan aurkezten dugun informazioa biltzen laguntzeagatik. Mila esker, guztioi!
Josu Urrutia Beristain
Euskadiko GGKE-en Koordinakundeko lehendakaria
2024ko uztaila
Laburpen exekutiboa
Lankidetza-politika egonkorrei eta gizarteak Euskadiko GGKE-ei ematen dien laguntzari esker, munduko milioika pertsonaren giza eskubideak defendatzen jarraitu daiteke
2023ko Euskadiko GGKE-en Txostenaren laburpen exekutibo honetan, gure erakundeei, haien lanari eta protagonistei buruzko argazki orokorra eskaintzen dugu. Webgune honetan dago txosten osoa, eta inkestari erantzun dioten erakundeen 2022. urteari buruzko informazioa bildzen du.
Gaur egun, 83 erakundek osatzen dute Euskadiko GGKE-en Koordinakundea. 2023an bildu ziren txosten honetarako datuak, eta ordu hartan 84 erakundek osatzen zuten sarea. 68 erakunde kidek erantzun zioten inkesta honi.
Gure lana
Aztoramendu eta ziurgabetasun handiko garaiotan, 83 euskal erakunde lanean ari dira, bakearen, giza eskubideen defentsaren eta mundu bidezkoago baten alde, pertsona guztientzat eta leku guztientzat
Gure erakundeek egiten duten lana mundu osoan zehar zabalduta dago, eta 3.318.225 pertsonarengana iristen da.
GGKEak 63 herrialdetan daude presente, eta hobetu egiten dute milioika pertsonaren bizi-baldintzak, lankidetzako beste aktore batzuk iristen ez diren urrutiko eremu isolatuetan. Beraz, GGKE-ek funtsezko eginkizun ordezkaezina betetzen dute, pertsona askori bizitza aldatzen diena.
GGKE-ek 839 lankidetza-proiektu gauzatzen dituzte (ekintza humanitarioa, larrialdiak eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako ekimenak kontuan izan gabe), guztien artean, esku hartzen duten herrialdeetan, eta 57.889.799 euro inbertitzen dituzte haietan.
2022an, GGKE-en inbertsioen ahalegin ekonomikoak herrialde hauetan egin ziren: Guatemala, Peru, Kolonbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, India, Palestina, Senegal, Mendebaldeko Sahara, Mexiko edo Kuba, besteak beste.
839 proiektuetatik gehienak Guatemalan (76), Perun (69), Indian (63), Kolonbian (52), Bolivian (42) edo Kongoko Errepublika Demokratikoan (37) gauzatzen dira, besteak beste.
Euskadiko GGKE-ek mundu osoko herri eta komunitateekin lan egiten dute. Afrikan, 1.491.576 pertsonarengana iristen dira, Amerikan 1.174.607rengana, Asian 448.639rengana eta Ekialde Hurbilean 193.192rengana. Sexua kontuan hartuz gero, Afrikan % 56,39 emakumezkoak dira, Amerikan % 59,96, Asian % 64,54 eta Ekialde Hurbilean % 62,28.
Zehaztu beharra dago azken urteotan Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdetan, hala nola Nikaraguan, Guatemalan eta El Salvadorren, zenbait gertaerak kriminalizatu egin dituztela elkartasuna eta giza eskubideen defentsa, eta txikiagotu egin direla gizarte zibilaren espazio zibikoak. Horrek guztiak zaildu egin du, eta batzuetan eten ere bai, GGKE-en lana leku horietan.
Gure erakundeen proiektuek 20 jarduera-sektore dituzte ardatz. Zehazki, 42 herrialdetan egiten dute hezkuntzari lotutako lana, eta lan horretan, besteak beste, herrialde hauek nabarmentzen dira: Bolivia, Ekuador, Kolonbia edo Kongoko Errepublika Demokratikoa. 38 herrialdetan emakumeei laguntzeko lan egiten dute, generoari eta feminismoei buruzko proiektu espezifikoen bidez; besteak beste, herrialde hauetan: Peru, Nikaragua, El Salvador, Guatemala, Kuba, India edo Senegal. Ondoren, giza eskubideen defentsan egiten duten lana dator (39 herrialde), hala nola Mexikon, Kolonbian, Bolivian, Palestinan edo Kongoko Errepublika Demokratikoan; nekazaritzaren esparruan egiten duten lana (37 herrialde), Kolonbian, Bolivian, El Salvadorren, Mozambiken edo Senegalen, adibidez; edo osasunari lotuta egiten duten lana (40 herrialde), Dominikar Errepublikan, Mexikon, Kongoko Errepublika Demokratikoan edo Indian, kasurako.
Lankidetza-proiektuen populazio hartzaileari dagokionez, erakunde gehienek emakumeetan jartzen dute arreta (46 herrialdetan). Ondoren, landa-eremuetako biztanleetan jartzen dute arreta (37 herrialdetan jasotzen baitute arreta handia), eta, hurrena, gazteetan (39 herrialdetan) eta haurretan (40 herrialdetan).
Gure GGKE-ek batez ere emakumeekin egiten dute lan, sektore guztietan eta munduko eskualde guztietan. Izan ere, 1.966.438 emakumezkorekin lan egiten dugu, eta 1.353.766 gizonezkorekin. Oro har, ikusten da gure erakundeen lanak inpaktu nabaria duela emakumeen eta neskatoen bizitzetan.
Erakunde-politikak GGKE-etan dagokionez, erakundeen % 80,80k genero-politika bat du. % 75ak sexu-jazarpenari buruzko protokolo bat du indarrean. % 33,80k ingurumen-kudeaketarako politika bat landu du.
Nork laguntzen digu
GGKE-en lana babesten duen oinarri soziala handitu egin da
Gure kontuak
Euskal ekonomiaren bilakaerak eta euskal lankidetza-politiken nolabaiteko egonkortasunak pixka bat handitu dituzte GGKE-en funtsak, eta, horri esker, giza eskubideen aldeko esku-hartzeekin jarraitu dezakete
Erakundeen diru-sarrerei dagokionez, 2022ko datuen arabera, diru-sarrera publiko zein pribatuen igoera txiki bat nabari da, politika publikoen eragina pixkanaka ahultzen joan den hamarkada baten ostean. Igoera hori positiboa da, baina oraindik ez da nahikoa; izan ere, euskal erakundeek lankidetzara bideratutako ehunekoa ez da aldatu.
2022an, GGKE-ek 76.680.406 euroko diru-sarrerak izan zituzten guztien artean. % 74,43 funts publikoak (kopuru horretatik, % 86,58 erkidegoetako eta tokiko funtsetatik dator, eta gainerakoa, esparru nazionaleko edo europareko funtsetatik).
Gainerako finantziazioa pribatua da, % 25,56 zehazki. Gehiena (finantziazio pribatu osoaren % 40,37) noizean behingo dohaintzak dira (horien artean sartzen dira pertsona fisikoen noizean behingo dohaintzak eta baliabideak lortzeko gainerako kanpainak). Horien atzetik datoz aldizkako kuotak. Zehazki, GGKE-en funts pribatuen % 34 dira. Hirugarren postuan daude bestelako diru-sarrera pribatuak. Finantziazio pribatuaren % 26,60 dira.
Finantzaketa pribatuaren ehuneko-igoera txiki bat gertatu dela nabarmentzen dugu, eta finantzaketa publikoaren ehuneko-jaitsiera bat, 2021eko aurreko txostenarekin alderatuta. Hala ere, ezin dugu ondorioztatu joera aldaketa bat denik.
Goranzko joera arin hori interpretatzeko, kontuan hartu behar da pandemiak eragindako salbuespenezko egoera, 2021eko txosteneko datuak, alegia (datuak 2020koak ziren). Izan ere, aldi hartan, ez administrazioen diru-kopuruak, ez dohaintza pribatuak, ez proiektuak gauzatzeko aukerak, ez ziren normaltasun-testuinguru batean izango liratekeenak, eta, beraz, hazkunde txiki hori ñabartu egin behar da. Gainera, kopuru absolututan funts gehiago dauden arren, ehunekotan ez gaude pandemiaren aurreko egoera baino egoera hobean.
Beraz, lankidetzarako euskal politiken egonkortasunari balioa ematen diogun arren, irakurketa zabalagoa eta sakonagoa egin behar da, triunfalismoan ez erortzeko edo diagnostikoan gehiegizko baikortasunik ez izateko.
Garapenerako lankidetzarako, larrialdietarako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzarako proiektuak, GGKE-en lanaren ardatzak
Erakundeen gastuei dagokionez, 2022an, gure GGKE-ek 73.688.967 euro inbertitu zituzten guztien artean, besteak beste, garapenerako lankidetza, ekintza humanitarioa eta herritartasun globalerako hezkuntza barne hartzen dituzten jardueretan.
Garapenerako lankidetzaren aurrekontuari bakarrik begiratzen badiogu, azpimarragarria da gastuen % 67,08 garapenerako lankidetza-proiektuak gauzatzeko eta % 21,69 ekintza humanitariorako eta larrialdietarako erabili zela. Gainerako baliabideak, hau da, % 11,22, boluntariotzarako, eragin politikorako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza-proiektuetan inbertitu ziren.