Hiru milioitik gora pertsonarekin lan egiten dugu, 63 herrialdetan eta 839 lankidetza-proiekturen bidez
Gure erakundeek egiten duten lana mundu osoan zehar zabalduta dago, eta 3.318.225 pertsonarengana iristen da.
GGKEak 63 herrialdetan daude presente. Beren lana hiri handietan eta herrixka txikietan egiten dute, eremu askotan, eta lankidetza eraldatzaileko prozesuei laguntzen diete, tokiko biztanleria zibilarekin batera. Eta horrek guztiak hobetu egiten ditu milioika pertsonaren bizi-baldintzak, lankidetzako beste aktore batzuk iristen ez diren urrutiko eremu isolatuetan. Beraz, GGKE-ek funtsezko eginkizun ordezkaezina betetzen dute, pertsona askori bizitza aldatzen diena.
GGKE-ek 839 lankidetza-proiektu gauzatzen dituzte (ekintza humanitarioa, larrialdiak eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako ekimenak kontuan izan gabe), guztien artean, esku hartzen duten herrialdeetan, eta 57.889.799 euro inbertitzen dituzte haietan.
Ordezkaritza egonkorrrak
GGKE-ek ez dute zertan bulego egonkor bat izan beste herrialdeetan, haietan lan egiteko. Batzuetan, tokiko erakundeek egiten dute lan zuzenean; alabaina, beste batzuetan, beharrezkoa da presentzia fisikoa.
Guztira, GGKE-ek 189 bulego dituzte munduan zehar, Euskadiko egoitzak kontuan hartu gabe. Gehienak Amerikan (92), Afrikan (56), Europan (23), Ekialde Hurbilean (10) eta Asian (8) daude.
Proiektuak mundu osoan
2022an, GGKE-en inbertsioen ahalegin ekonomikoak herrialde hauetan egin ziren: Guatemala, Peru, Kolonbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, India, Palestina, Senegal, Mendebaldeko Sahara, Mexiko edo Kuba, besteak beste.
839 proiektuetatik gehienak Guatemalan (76), Perun (69), Indian (63), Kolonbian (52), Bolivian (42) edo Kongoko Errepublika Demokratikoan (37) gauzatzen dira, besteak beste.
Biztanleria hartzailea, eskualdeka
Euskadiko GGKE-ek mundu osoko herri eta komunitateekin lan egiten dute. Afrikan, 1.491.576 pertsonarengana iristen dira, Amerikan 1.174.607rengana, Asian 448.639rengana eta Ekialde Hurbilean 193.192rengana. Sexua kontuan hartuz gero, Afrikan % 56,39 emakumezkoak dira, Amerikan % 59,96, Asian % 64,54 eta Ekialde Hurbilean % 62,28.
Zehaztu beharra dago azken urteotan Erdialdeko Amerikako hainbat herrialdetan, hala nola Nikaraguan, Guatemalan eta El Salvadorren, zenbait gertaerak kriminalizatu egin dituztela elkartasuna eta giza eskubideen defentsa, eta txikiagotu egin direla gizarte zibilaren espazio zibikoak. Horrek guztiak zaildu egin du, eta batzuetan eten ere bai, GGKE-en lana leku horietan.
Sektore eta populazio hartzaileak
Gure erakundeen proiektuek 20 jarduera-sektore dituzte ardatz. Zehazki, 42 herrialdetan egiten dute hezkuntzari lotutako lana, eta lan horretan, besteak beste, herrialde hauek nabarmentzen dira: Bolivia, Ekuador, Kolonbia edo Kongoko Errepublika Demokratikoa. 38 herrialdetan emakumeei laguntzeko lan egiten dute, generoari eta feminismoei buruzko proiektu espezifikoen bidez; besteak beste, herrialde hauetan: Peru, Nikaragua, El Salvador, Guatemala, Kuba, India edo Senegal. Ondoren, giza eskubideen defentsan egiten duten lana dator (39 herrialde), hala nola Mexikon, Kolonbian, Bolivian, Palestinan edo Kongoko Errepublika Demokratikoan; nekazaritzaren esparruan egiten duten lana (37 herrialde), Kolonbian, Bolivian, El Salvadorren, Mozambiken edo Senegalen, adibidez; edo osasunari lotuta egiten duten lana (40 herrialde), Dominikar Errepublikan, Mexikon, Kongoko Errepublika Demokratikoan edo Indian, kasurako.
Gainerako proiektuek sektore hauetan jartzen dute arreta: ekintza humanitarioa eta larrialdietakoa, sexu- eta ugalketa-eskubideak, gizarte zibilaren espazio zibikoen defentsa eta gizarte zibileko erakundeei laguntza, larrialdietako eta larrialdi-osteko laguntza, haurtzaroa, jarduera ekonomiko industrialak, jarduera (mikro)finantzarioak eta bidezko merkataritzakoak, ura eta saneamendua, hirugarren herrialdeetan errefuxiatutako herritarrentzako laguntza, azpiegiturak (garraioa eta biltegiratzea, komunikazioak, eraikuntza, energia), kulturartekotasuna, beste zerbitzu eta azpiegitura sozial batzuk; berreraikitzea eta birgaitzea, eta hondamendien prebentzioa.
Lankidetza-proiektuen populazio hartzaileari dagokionez, erakunde gehienek emakumeetan jartzen dute arreta (46 herrialdetan). Ondoren, landa-eremuetako biztanleetan jartzen dute arreta (37 herrialdetan jasotzen baitute arreta handia), eta, hurrena, gazteetan (39 herrialdetan) eta haurretan (40 herrialdetan).
Beste ekimen asko bestelako populazio hartzaileari zuzenduta daude, hala nola biztanleria osoari batzuetan, indigenei, gutxiengo etnikoei edo afrikarren ondorengoei besteetan, familiei beste batzuetan, errefuxiatuei edo migratzaileei, desplazatutako populazioari, desgaitasunak dituztenei eta 65 urtetik gorako pertsonei.
Beraz, gure GGKE-ek batez ere emakumeekin egiten dute lan, sektore guztietan eta munduko eskualde guztietan. Izan ere, 1.966.438 emakumezkorekin lan egiten dugu, eta 1.353.766 gizonezkorekin. Oro har, ikusten da gure erakundeen lanak inpaktu nabaria duela emakumeen eta neskatoen bizitzetan.