2023eko Txostena > GGKEak Euskadin

Aztoramendu eta ziurgabetasun handiko garaiotan, 83 euskal erakunde lanean ari dira, bakearen, giza eskubideen defentsaren eta mundu bidezkoago baten alde, pertsona guztientzat eta leku guztietan

GGKEak forma juridikoaren eta tamainaren arabera

Euskadiko hainbat garapenerako gobernuz kanpoko erakundez (GGKE) osatutako kolektibo bat gara, eta justizia globalaren alde lanean dihardugu, garapenerako lankidetzaren bidez, lanabes hauekin, besteak beste: ikuspegi feminista, gizarte-eraldaketarako hezkuntza, ekintza humanitarioa, bakearen sustapena, giza eskubideen defentsa eta giza garapen jasangarria. Gure Jarraibideen Kodean ikus daiteke zein diren GGKEon ezaugarriak.

Euskadin, ez dago figura juridiko esklusiborik GGKEontzat, eta, hortaz, bazkide diren gure erakunde guztiek ez dute forma juridiko bera. Bi dira ohikoenak: elkartea eta fundazioa. 2022ko datuak biltzen dituen txosten honen arabera, GGKE bazkideen % 65 elkarteak, % 32,3 fundazioak eta % 2,7 bestelako forma juridikoa duten erakundeak dira.

Medicusmundi Gipuzkoa Peru
Peruko feminizidioak salatzeko elkarretaratzea. Irudia: Manuela Ramos Mugimendu Feminista eta Medicusmundi Gipuzkoa

GGKE-etako langileak, lantokiaren, sexuaren eta adinaren arabera

353 pertsonak dihardute lanean Euskadiko GGKE-etan. Gehienek erakundeen Euskadiko egoitzetan dihardute; beste batzuek, berriz, herrialde txirotuetan egiten dute lan, kooperante gisa.

Euskadiko GGKE-en sektorea feminizatuta dago, argi eta garbi. Langileen % 71 emakumezkoak (251) eta % 29 gizonezkoak (102) dira. Datu hori ia ez da aldatu, eta sektoreak azken urteetan izan duen joerari jarraitzen dio. Kooperanteak aipatuz gero, emakumezkoen ehunekoak nabarmen egiten duela behera ikus dezakegu. Zehazki, kooperanteen % 65 emakumezkoak eta % 35 gizonezkoak dira.

GGKE-etako langileak kontratu- eta lanaldi-motaren arabera

Kontratu-motei dagokienez, Euskadiko GGKE-etan lan egiten dutenen kontratuen % 89 mugagabeak eta % 11 aldi baterakoak dira. Sexua kontuan hartuz gero, gizonezkoen % 92k kontratu mugagabea eta gainerako % 8k aldi baterako kontratua dute. Bestalde, emakumezkoen % 88k kontratu mugagabea eta % 12k aldi baterako kontratua dute.

Lanaldiari dagokionez, lanaldi osoa da modalitate nagusia sektore honetan. Kontratuen % 67 lanaldi osokoa, % 23 lanaldi partzialekoa eta % 11 lanaldi murriztukoa dira. Sexua kontuan hartuz gero, gizonezkoen % 84k lanaldi osoan, % 12k lanaldi partzialean eta % 5ek lanaldi murriztuan dihardute. Alabaina, deigarria bada ere, emakumezkoen % 67k bakarrik dihardu lanaldi osoan. % 23k lanaldi partzialean eta % 11k lanaldi murriztuan lan egiten dute. Horiek horrela izanik, agerikoa da: lanaldi murriztua feminizatuta dago oraindik ere, haiek baitira nagusiki kontratu-mota hori duten langileak, oro har, familiaren zainketa-lanak direla eta (emakumezkoen % 11, gizonezkoen % 5en aldean). Dena den, parekatze-joera txiki bat nabari da.

"Kontratu mugagabeak eta lanaldi osokoak dira kontratu-modalitate ohikoenak. Hala ere, emakumezkoek kontratu mugagabe gutxiago eta lanaldi murriztu gehiago dituzte gizonezkoek baino"
Farmamundi Nicaragua
Euskadiko GGKE-en sektorea feminizatuta dago, baina maskulinizatu egiten da erakundeen gobernu-espazioetan, egoera hori iraultzeko borondate politiko argia dagoen arren. Irudia: Farmamundi. Brigada medikoa Kukra Riverren, Nikaraguan.

GGKE-en gobernu-organoen osaera

Sektore feminizatua bada ere, gizonezkoak egon izan ohi dira erakundeen erabaki-postuetan, eta hori, esan gabe doa, bizi garen gizarte patriarkalaren erakusgarri da. Alabaina, badago desoreka hori aldatzen saiatzeko borondate politikoa.

Erakundeen gobernu-batzordeetan, % 51 emakumezkoak eta % 49 gizonezkoak dira. Dena den, emakumezko ordezkari gutxiegi daude erabakigune horietan. Izan ere, ez dugu ahaztu behar, lehen esan bezala, GGKE-etan lan egiten duten pertsona guztien % 71 emakumezkoak eta % 29 gizonezkoak direla.

GGKE-en zuzendaritzan edo koordinazioan, berriz, ia alderantzizkoak dira gizonezkoen eta emakumezkoen ehunekoak: % 57 gizonezkoak eta % 43 emakumezkoak dira.

Erakunde-politikak GGKE-etan

Inkestari erantzun dioten erakundeen % 80,80k genero-politika bat du.

% 75ek sexu-jazarpenari buruzko protokolo bat du indarrean.

% 33,80k ingurumen-kudeaketarako politika bat landu du.

Scroll to Top